Oroimen historikoa – Historia

Espainiako Gerra Zibilean eta diktaduraren lehen bi hamarkadetan kolpistek gizateriaren aurkako krimen zenbaezinak egin zituzten. Garai horietan egon zen ideario faxista presenteen, ez soilik arlo instituzionalean edo imitazio estetikoan, baita errepresioari dagokionean ere, kontzentrazio-esparru, lan-esklabu edo etsai politikoaren ezabapen fisikoarekin. Gerra-egoera 1948 arte egon zen dekretatua, eta erregimenak sistema errepresiboa adimnistrazio zibileta bideratu bazuen ere juridiksizio militarrak oso presente egoten jarraitu zuen. Apartatu honetan, gerran eta gerraostean hasi eta kolpistei aurre egin zieten horien desagerpen ia erabatekorarte diktadurak eragindako giza eskubideen urraketa eta errepresioa jasotzen da.

Azpeitiari dagokionez, udalerria 1936ko abuztu hasierarako altxamendu militarraren aurkako euskal erresistentziaren bilgune bihurtu zen. Euskal nazionalismoaren familia ezberdinetako buruzagiek Euskal Miliziak sortu zituzten loiolan, Euzko Gudarostea Azpeiti-Buruzagitza izenpean. Hortik aurrera eta irailaren 20 arte, milaka boluntario gaztek azpeitiaruntz egin zuten, eta Candido Sasetaren buruzagitzapean matxinatuei aurre egin zieten Aiztondo bailaran, Mandubian, Murumendin, Astigarretan, Bidanian, Albizturren eta Urkizu auzoan (Tolosa).

Azpeitian tropa kolpisten sarrerarekin bat ehunka bizilagunek zigorren beldur alde egin zuten. Abuztuak 19an Azpeitiako Gerra Komiteak erreketeen gertutasunaz ohartu eta espreski antolatutako trenetan ihes egiteko aukeraz informatzen zuen bandoa atera zuen. Ebakuazioa hasi zen, joandakoak geratzen zirenekin agurtzeak. Emakume, haur eta zaharrek nolabait Defentsa Komitearekin nolabaiteko hartuemana eduki zuten gizon helduak baina proportzio txikiagoan egin zuten alde. Kolpisten aura borrokan jarraitzeko asmoa zutenek ere alde egin zuten. Okupatuak izan ziren Gipuzkoako beste lurraldeetatik zetozen berriak beltzak ziren, beraz asko izan ziren 19an bertan eguerdiko 15tan atera ziren bi trenetan alde egin zuten azpeitiarrak. Ignacio Artecheren esanetan 800 eta 1000 pertsona artean joan ziren. Gehienek Bizkaian hartu zuten babes eta “Iparreko Frontea” deiturikoa erortzean itzuli ziren. Kontrara, urrun joan zirenek (Amerika, Filipinak, Ingalaterra…) denbora gehiago pasa zuten itzultzen edo ez ziren sekula itzuli. Ingalaterra, esate baterako, PEDROSA MENDOZA adin txikiko anai-arreben (Alejandro, Cecilia, Lolita eta Jesus) helmuga izan zen. Bilboko portutik 1937ko maiatzaren 23an atera ziren. Zergatia beren aitaren sinpatia komunista izan zen. Beste alde batetik, alde egin zuten ehundaka horietako bat behintzat desagertu eta ez zen sekula beraz gehiago jakin: Faustino Azpiazu Arrieta “Indotarra”.

Baina alde egin zutenak egon ziren bezala beste asko geratu egin ziren. Batez ere, ageriko dena, karlismo zaleak. Baina baita pentsamendu nazionalistako jendea ere, Iñaki Azpiazu apeza bezala, “mugimendua antikomunista soilik zela” pentsatuta. Era berean, Ciriaco Agirre alkateak ere ez zuen alde egin, Ignacio Perez Arregik zigortuko ez zutela konbentzituta. Oker zebilen diputatu tradizionalista ohia, “matxindari laguntza emateaz” akusatuta lau urte pasa baitzituen kartzelan.

Baina zalantzarik gabe kolpisten ondorio gaitzenak bizia galdu zutenek jasan zituzten. Lehenengoa Jose Sarasua Uranga “Kukubiltxo” izeneko 11 urteko haurra izan zen, zauritua izan zen Nicolas Agirre lagunarekin jolasean zebilena. Irailaren 20ko goizeko 11tan bizileku zuten Enparan Gain baserriko inguruetan jolasean zebiltzan. Momentuan azpeitian sartzen ari ziren erreketeek ihesean zebiltzan bi gazte zirela uste izanda tiro egin zieten. Gerora CNTko anarkistei leporatu zieten gertaera, haurren alkandora urdina falangistenarekin nahastuta omen. Baina data hartarako antolakuntza anarkistako kideek utzia zuten Azpeitia.

Herriaren gaineko bonbardaketen eraginez 3 zibilek galdu zuten bizia: Bernabe Arruti Arrillaga, Raimundo Bereziartua Arizaga eta Jose Maria Larrañaga Zabaleta. Laugarren bat, Benito Larrañaga Bereziartua, zauritua izan zen, naiz eta gerra haieratik aire-bonbaketen aurkako babeslekuak baziren herrian. Horren harira, uztaila bukaeratik Defentsa Komiteko hainbat kide Zarauztik hondarrez betetako zakuak eramaten jardun ziren babeslekuak eraikitzeko. Hala ere, azkenean azpeitiar askoren babesleku ohikoenak baserrietako ikuiluak izan ziren. Enparan kale amaierako Saralleko fragua eta Loiolako santutegiko sotoa ere babesleku gisa erabiliak izan ziren.

Frankisten okupazioaren ondoren eta udal-autoritate berrien osaketaren ostean kargu publikoen depurazio prozesua hasi zen. Gutxienez 36 lagunek galdu zuten lanpostua. Atxiloketei dagokienez Azpeitiako Kartzelaz gain lazareto zaharra emakumeentzako kartzela gisa doitu zuten eta dozenaka izan ziren kartzelaratuak, Iñaki Azpiazu eta Jose Antonio Lasquibar moduko apaizak barne.

Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren aginduz atxilotutako gipuzkoarrentzat Azpeitiako kartzela Ondarretako kartzelara igaroak izateko geldialdia zen, bertan Gerra Kontseiluak epaituak izateko. Dinamika hau zigortuak izango ez zirela uste zuten iheslariak itzuli ahala handitzen joan zen. Batzuk itzuli bezain laster salatuak eta kartzelaratuak izan ziren, Maria eta Maximina Arrieta Zubimendi ahizpak kasu, Rosario Etxebarra Altamira, Ignacia Bereziartua Azpiazu eta Pilar Agirre Perez Margaritas antolakuntzako kideek salatuak.

1939tik aurrera gerra bukatutakoan, soldadu edo miliziano ohiak, frankisten aurreko gobernantzan ibiliak eta gisakoak izan ziren kartzelan sartzen hurrengoak. Kasu horietan, salaketa partikularrez gain Falangeko kideek eta botere lokaleko kideen irizpideak izaten ziren pertsona hauen patua erabakitzen zutenak. Horrela gertatu zitzaien Esteban Barredo, Jose Campos, Antonio Juristi edo Daniel Odriozolari, esate baterako, Ondarretako espetxean kartzelaratuak epaile militar baten esanetara. Beste bost azpeitiarren kasua ere gisakoa da. Lucas Orbegozo Orbegozo, Ignacio Zubimendi Olaizola, Tomas Odriozola Etxeberria, eta Ignacio eta Jose Ramon Odriozola Alberdi anaiak, desertzioagatik salatuak eta gerora absolbituak.

Edozein kasutan, azpeitiar eta euskal lurraldeetako presoetzat Azpeitiako Kartzela ez zen izan kondenatu osteko helmuga, epaituak izan aurreko behin-behineko espetxea baizik. Ez zen berdina izan euskal lurraldeetatik haratagoko presoentzat, beren probintzietan epaituak izan ostean kondena pasatzera bertara bidaltzen baitzituzten, euskal preso batzuk Andaluzia edo Extremadurara bidaltzen zituzten gisa. Erregimen frankistak dispertsio-politika ezarri zuen errepresaliatuen kondena gogortzeko modu gisa.

Azpeitiako espetxeko espainiar preso gehienak Jaengo probintziatik ekarri zituzten (dokumentatutako 43 presoetatik 27), gehienak “matxinadari laguntzeaz” kondenatuta. Jose de Artetxeren testigantzaren arabera, presoak kartzeletik atera eta behartuak izaten ziren indar-lanak egitera, kaleak elurrez garbitzea kasu.

Ondorio dramatikoenak, dena den, presoen heriotzak izan ziren. Francisca Galvéz Vazquéz emakumeen espetxean zendu zen; Juan Morales Artilles, Juan Casado Lorite, Freancisco Delfa Hernández eta Luis Palomino Gutiérrez 1939 eta 1941 artean hil ziren gizonezkoen kartzelan. Denak Azpeitiako hilerrian izan ziren lurperatuak. Era berean, Manuel Martíin Martínez 1941ko uztailean espetxetik donostiako San Antonio Abad ospitale zibilera lekualdatua izan zen, eta bertan zendu 1942ko otsailaren 14an biriketako tuberkulosiaren ondorioz.

Emakumeen aurkako errepresioari dagokionez, esan beharra dago hainbat emakume etxean geratu zirela beren familiako gizonezkoak ihesi egon arren. “Hau da ba gerrie” esamoldea zoritxarrez ohiukatua izan azpeitian irailaren 19an. Iñaki Azpiazuren esanetan “besarkada luzeak, kontseju reziprokoak, haur eta emazteak musukatzen zituzten gizonak, negar-tantak, angustia, mina” zen egun hartako tonika nagusia. Emakumeek ezezagun zuten errepresioa beren gain ere eroriko zela.

Errepresio motarik ohikoena desherria izan zen. 1939ko Erantzunkiun Politikoen legeari aurre hartuz agintari frankistek erretaguardian aplikatzen jardun zuten gerra denbora osoan. Jomuga zen gizonezkoaren familia zuzenari aplikatzen zitzaion, berau hilik edo desagertuta bazegoen. Legea onartu baina bi urte lehenago, beraz, baziren emakumeak, batzuk adin txikiko haurrekin, Azpeitiako Komandantzia Militarrak desherrira bidaliak.

Azpeitiatik kanpo geratu ziren gerra presoak. Horietatik 163, 10 emakume barne, tribunal militarrek epaituak izan ziren. Kontseju militarretan garantia judizialak eta zuzenbide penala zuzentzen duten printzipioak sistematikoki urratuak izan ziren “azkartasun eta esenpluaren” izenean. Azpeitiarren kondena ohikoenak hil arteko kartzela zigorra (25) eta 12 urte eta egun batekoa (23) izan ziren. 1941ean zigr gehienen konmutazioa eman zen zigor arinagoak ezarriaz horitako gehienei. Gehiengo handi bat 1943tik aurrera kalean egongo zen askatasun zelatatuan, kargu publikorik hartzeko aukerarik gabe eta Guardia Zibilaren eta lekuko Falangeren kontrolpean.

Hala ere denek ez zuten askatasuna berrartzea lortu. Jose Maria Agirre Arregi eta Manuel Torrano Senar iruñeako San Cristobalgo gotorlekuan zendu ziren gaixorik, Jesus Arizaga Gurrutxaga, Jose Francisco Orbegozo Goenaga eta Jose Antonio Altuna Garate zinegotzia epaituak izaten ari zirela zendu ziren, ia ziur behin-behineko espetxealdian. Era berean Nuarbeko bizilagun Jose Maria Aranguren Odriozola 1938ko martxoak 11n Bilbon izan zen fusilatua.

Testigantzarik edo dokumenturik gehitu dezakezu?

Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.

Harremana