1960ko hamarkadaren ondoren gerra bizi ez zuen gazte belaunaldia adin nagusikoa izatera iritsi zen. Ikasle-mota berria sortu zen, langileria, euskal kultura eta euskara berreskuratzeaz arduratzen ziren herritarrak. Hein handi batean ez zuten erbestealdiko alderdi politikoekin zerikusirik, baina Europan eta Latinoamerikan ematen ari ziren aldaketak medio diktadurari aurre egiteko era berriak aurkitu zituzten. Euskal Herria frankismoaren aurkako gune nagusienean bihurtu zen urte horietan, nagusiki frankismoaren aurkako talde eraginkorrenek nazio-aldarrikapenak eta klasearteko borrokak elkartzeko izan zuten gaitasunagatik. Garai horretan sortu zen euskal gatazka bezala ezagutzen duguna, diktaduraren aurkako erresistentzia armatua, horren erantzuna polizia-gorputzen bereizi gabeko indarraren erabilera, gerra-kontseiluak eta Auzitegi eta salbuespen legeak izanik. Diktadorea hil ondoren irauten duen gatazka soziopolitikoa da eta egun ezin dena amaitutzat eman, baina ETA-k 2011n indarkeria utzi zuenetik, garai zehatz batekin lotzen diren indarkeria moduak eta behartzeko bideak behin betiko amaierara bideratuta daude. Hemen, euskal gatazka politikoarengatik giza eskubide nagusienen urraketak jasan dituzten eta jasaten jarraitzen dituzten pertsona guztiak biltzen ditugu.
1960. urtearen hasieran, Azpeitia oso homogeneoa zen soziologikoki, kanpotik etorkin gutxi iritsi baitziren herriko industrian lan egitera. Ondorioz, frankismoaren aurkako jarduna euskal nazionalismoaren eta independentismoaren inguruan mugitu zen nagusiki.
1960 eta 1975 artean, erregimen frankistako funtzionario polizialek gutxienez 51 azpeitiarren giza eskubideren bat urratu zuten. Ordena Publikoko Epaitegiak 23 pertsona epaitu zituen eta haietatik 19k salatu zuten tratu txarrak edo torturak jasan zituztela poliziaren zaintzapean zeuden bitartean; 1968ko salbuespen egoeran atxilotutako 5 azpeitiarretatik 2 desterratu egin zituzten Andaluziara. 1975ean Angel Otaegi Etxeberria fusilatu ondoren, Antton Aldalur Irigoien eta Koldo Amenabar Arzalluzek 40 egun egin zituzten Martuteneko espetxean, protesta egiteko manifestazioetan parte hartzeagatik. Nolanahi ere, zaila da giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona batzuk identifikatzea, hain zuzen urraketa horien ezaugarri bereziengatik. Horregatik, garai hartan errepresaliatutako pertsona kopurua dokumentuetan ageri dena baino handiagoa izango da ziurrenik.
Azpeitian bazen Guardia Zibilaren kuartel bat, beraz, diktaduraren indar armatu hura izan zen azpeitiarren kontrako atxiloketa eta tratu txar gehienen eragile. Espainiako Estatuaren indar polizialen eskuetan tratu txarrak edo torturak jasan izana salatu duten 103 azpeitiarretatik (1960 eta 2017 artean), 22 kasu 1960. urtearen eta diktadorearen heriotzaren artekoak dira. 22 errepresaliatu haiek 26 kasu salatu zituzten, gutxienez 4k bi kasu baino gehiago salatu baitituzte. 1975ean gertatu ziren salaketa gehien. 13 kasutan Guardia Zibilaren agenteak ziren tratu txarren errudun, eta beste 9tan Polizia Arruntekoak, nagusiki Brigada Politiko Sozialeko poliziak. Salatzaileetako 2 emakumeak dira, Uzkudun Odriozola ahizpak, zeintzuk Donostian atxilotu baitzituzten 1967an, manifestazio baten ondoren. Dokumentatutako lehen kasua Andoni Albizuri Aguirregabiriarena da, zeina 1964ko azaroaren 9an atxilotu baitzuten eta 5 egunez eduki zuten inkomunikatuta, tortura fisiko zein psikologikoak eragiten zizkioten bitartean. Gerora, senitartekoei bakarrik kontatu zien zer nolako torturak jasan zituen.
1968ko salbuespen egoeran bost azpeitiar atxilotu zituzten guztira, eta haietatik hiru desterratu zituzten. Jexux Arrizabalaga Cordobako Obejo herrira joan zen eta han egon behar izan zuen urrira arte, hots, Martutenera eraman zuten arte epaitegi militar batek epaitu zezan. Jose Angel Agirre Elustondo Sevillako Coripe herrira eraman zuten abuztuak 14tik azaro erdialdera arte, eta Alejandro Oiarzabal Zubiaurre Fuente Obejunara (Kordoba) abuztuaren 15etik abendu erdialdera arte. Gerora, 1969ko urtarrilaren 24an, diktadurak Espainiako Estatu osora zabaldu zuen salbuespen egoera martxoaren 24ra arte. Testuinguru hartan atxilotu zuten Jose Maria Peña Iriarte azpeitiarra, zeinak salatu baitu torturatua izan zela martxoaren hasieran, Polizia Arruntaren instalazioetan atxiloturik emandako denboran.
Ordena Publikoko Epaitegiak epaitutako azpeitiar guztien artean 10ek epai irmoa jaso zuten (haietako batek, Francisco Maria Egibar Etxeberriak, birritan); aldiz, beste 11 ez zituzten sekula zigortu. Azken horietatik gutxienez 4 (Ramon Goenaga Oiarzabal, Jose Maria Arregi Galarraga, Iñaki Alkorta eta Aitor Saldias Orbegozo), espetxean egon ziren 1975eko irailaren 9tik azaroaren 15era arte, 1975eko abuztuaren 26an onartutako terrorismoaren aurkako legea aplikatuta. Atxilotu eta Ordena Publikoko Epaitegietara bidalitako 21 atxilotuetatik 3 emakumezkoak ziren: Maria Beatriz Arrizabalaga Aramendi, Miren Odriozola Uzkudun eta Maria Dolores Ugarte Epelde. Epaileek Miren Odriozola bakarrik zigortu zuten, 1973ko maiatzaren 22an; 3 urteko espetxealdiaz gain, zilegi ez zen elkartze delituagatiko prozesuaren kostua ordaindu behar izan zuen.
Hala ere, garai hartan diktadurak azpeitiar baten aurka eginiko zapalkuntza ekintzarik ankerrena Angel Otaegi Etxeberriaren fusilatzea izan zen. Angel 1942an jaio zen Nuarben, tarte batean EGIko kide izan zen eta gerora, 1972an, ETA-Vko Langile Frentean sartu zen. 1973 hasieran pasa zen Frente Militarrera. Gregorio Posada Zurron hil eta bost egunera, Guardia Zibilaren 551. konpainiako teniente-koronelak txosten bat egin zuen. Bertan jaso zuen bazirela 1. mailako kaboaren heriotzaren atzean zeuden ustezko egileak (bi ETAkide) errekonozitu zituzten hainbat lekuko –besteak beste Azpeitiko postuko tenienteordearen emaztea “nahiz eta ez duen fidagarritasun handirik, ez duelako ondo ikusten”-. Baina Angel Otaegi ez zuen inork identifikatu. Jose Lasanta Martinez instrukzio epaileak behin-behinekoz artxibatu zuen kausa hura 1974ko ekainaren 1ean, “egin beharreko ikerketak egin ostean ezin izan baita zehaztu zeintzuk diren gertatutakoaren egileak”.
Handik lau hilabetera, ETAko militante Jose Maria Arruabarrena Esnaola eta Jose Antonio Garmendia Artola larriki zaurituak izan ziren Polizia Armatuaren tiroketa batean eta, Juan Mari Bandres abokatuaren arabera “armak ibilgailuan utzi eta berehala desarmaturik atera diren arren, tiroka hartu dituzte Donostiako Zuzenbide Fakultatearen parean, lekuko ugariren aurrean”. Jose Antonio Garmendia koman egon zen 15 egunez, gero elbarriturik, “psikikoki nahastuta eta itsututa, eta goiko zein beheko gorputz-adarrak mugitu ezinik”. Egoera hartan egonik ere, 4 hilabetez inkomunikaturik eduki zuten Carabancheleko espetxe-erietxean. Garmendiak bere hatz marka inprimatu zuen hainbat deklaraziotan (lehenbizi epaile militar baten aurrean eta gero ilegalki, erregimeneko poliziaren aurrean) eta deklarazio haien ondorioz atxilotu zituzten Azpeitiko bikote bat eta Angel Otaegi bera. Kontuan izan behar da hori guztia gertatu zenean “ezin zuela eskurik ez hankarik mugitu, beraz, beste norbaitek eraman zion hatz bat tintara eta bere deklarazioa jasotzen zuen paperera”.
Angel Otaegi bere etxean atxilotu zuten 1974ko azaroaren 18an eta Donostiako Espetxe Probintzialera eraman zuten, han egon zelarik 1975eko apirilaren 25ean Burgosera lekualdatu zuten arte. Kaleetan sekulako presioa egin zen lanuzte eta manifestazioak antolatuz, eta nazioarteko mobilizazioa ere handia izan zen, diktadurak epaiketa atzeratu behar izan zuelarik abuztuaren 28ra arte. Azkenean Artilleriako 63. Erregimenduaren kuartelean egin zen, Castrillo del Val herrian, Burgosetik 12 kilometrora. Erregimenak esan zuen epaiketa “publikoa” izango zela, baina atzerriko kazetariek ezin izan zuten sartu gerra-kontseilua egingo zen aretoan, ezta nazioarteko behatzaileek ere (MARTIN Achad, Georges Impesp, Kurt Madlein eta Mme Zieglier). Bien bitartean, Europako hainbat hiritan milaka pertsona bildu ziren manifestazioetan, eta NBEk nahiz Europako Batzordeak indultua eskatu zioten erregimenari.
Bista hartan, Otaegik aitortu zuen ETAko kidea zela 5 urte lehenagotik, baina bere misio bakarra propaganda banatzea zela; ez zuela sekula armarik erabili eta ez zekiela zein asmo zuten ostatu hartzera Azpeitiko familia baten etxera bidali zituen pertsonek. Bestalde, Garmendia eta Otaegiren defendatzaileek (Juan Mari Bandres eta Pedro Ruiz Balerdi abokatuek) akusatuak absolbitzeko eskatu zuten, ez zegoelako froga eztabaidaezinik eta lekukotzak ilegalki hartu zirelako. Era berean, Pedro Ruiz Balerdik adierazi zuen Otaegi inplikatzen zuten deklarazio guztiak –baita fiskalaren idazkia ere- 198. artikuluan kalifikatutako ustezko delitu bati buruzkoak zirela, hau da, “ekintzen konplize” izan zela eta ez egile, eta ez zituela berak egin Gregorio Posada guardia zibilaren aurkako tiroak. Carlos Granados Mezquita komandantea izan zen kasu hartako fiskala, zeinak heriotza zigorra eskatu baitzuen Otaegi Burgosera eraman eta bi egunera (apirilaren 27an), baina abokatu defendatzaileek errekusatu egin zuten, bere txostenetan atxilotuen ideologiari buruzko oharrak sartu zituelako eta, a priori, legeak ekintza zehatzak bakarrik zigortzen zituen.
Abuztuaren 29ko goizeko 11:00etan abokatuei dei egin zieten gerra-kontseiluaren aurrera. Nazioarteko komunikabideek ere eman zuten epai haren berri: Jose Antonio Garmendia eta Angel Otaegiri heriotza zigorra ezarri zieten, ondoriotzat heriotza izan zuen atentatu baten bidez terrorismo delitu bat egiletza graduan egin izanagatik. Gainera, Garmendiak beste 15 urteko espetxe zigorra jaso zuen armak izateagatik. Legearen arabera, gerra-ikuskariak Burgoseko 6. eskualde militarreko kapitainaren (Mateo Prada Canillas) esku utzi zuen emandako epaiari onarpena emateko ardura. Kasu hartan, ikuskariak onartzea proposatu zion eta kapitain nagusiak berretsi egin zuen.Hurrengo egunean, Azpeitiako Udalak ezohiko batzarra egin zuen, Rafael Larrañaga Albizu, Lorenzo Soraluze Juaristi, Manuel Elias Odriozola eta Manuel Maria Altuna Bengoetxea zinegotziek aurkeztutako mozio bat onartzeko, Angel Otaegirentzat errukia eskatuz. Korporazioak aho-batez onartu zuen mozioa eta telegrama bat bidali zion Francisco Franco diktadoreari adostutakoa azalduz.
Kontseiluen Ministroak irailaren 26an berretsi zuen Angel Otaegiren aurkako zigorra. Jose Antonio Garmendiari, berriz, barkatu egin zioten heriotza zigorra eta biziarteko espetxealdia inposatu zioten. Egun hartan bertan, Burgoseko 6. Eskualde Militarreko kapitain nagusiak (Mateo Prada Canillas) epaiaren berri jaso zuenean, Polizia Armatuaren 3. Konpainiako kapitainari (Tomas Alonso del Barrio) agindu zion izenda zitzala bere aginduetara zeukan tropako agenteak Angel Otaegi fusilatzeko. Infanteriako komandanteari eta Jesus Peña Sancho instrukzioko epaileari, berriz, exekuziorako diligentziak hasteko agindu zien. Egun hartan, goizaldean, Angel Otaegiren amak agur esan zion semeari. Hilaren 27an fusilatu zuten, goizeko 8:00etan.
Francisco Franco Bahamonde diktadorea hil zenean, orduan hasi zen Espainiako trantsizioa esan izan zaiona. 1975eko azaroaren 22an, hura hil eta handik bi egunera bakarrik, Espainiako errege izendatu zuten Juan Carlos Borboikoa, zeina Espainiako printze izendatua baitzegoen 1969ko uztailaren 22tik, diktadorearen ondorengotzaz.
1976ko abenduan Erreforma Politikorako legea onartu zutenean, 1977ko ekainaren 15ean, lehenbiziko hauteskunde demokratikoak izan ziren, Adolfo Suarezek apirilean berretsitako lege dekretu baten bidez.50 Erregimen frankistaren aurkako sindikatu eta alderdi nagusiak legeztatu bazituzten ere, legez kanpo gelditu ziren erakunde apurtzailetzat edo iraultzailetzat zituztenak; hortaz, horiek beste sigla batzuk hartu behar izan zituzten hauteskundeetan parte hartuko bazuten. 1977. urteko urrian, Amnistiaren Legea onartu zuten.51 Nazioarteko erakundeek salatu egin zuten lege hori; izan ere, haren arabera ez zegoen ikertzerik Gerra Zibilean eta ondorengo diktaduran gizateriaren aurka egindako deliturik, ez eta estatuko nahiz nazioarteko erakundeetara eramaterik ere.52
Era berean, indarrean ziren frankismo garaiko lege eta erakunde nagusiak; esate baterako, Ordena Publikoaren Legea, 1959koa, polizia erakunde guztien jarduera arautzekoa. 1978ko abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioa onartu zuten erreferendum bidez, eta, hala, amaitutzat eman zuten sistema demokratiko baterako trantsizio aldia. Alabaina, Gorteak eta udalak berritzekoak gelditu ziren, legegintza- eta udal-hauteskunderik ez baitzen egin 1979ko udaberrira arte. Hala berean, 1979ko abenduaren 18an, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutua onartu zuten, eta euskal gizarteak berretsi, baina zatiketa politiko eta sozial nabarmena eragin zuen, batzuek ez baitzuten onartzen lege esparru berria. Aitzitik, 1978ko Konstituzioak ezarritako erregimenetik bereizi nahi zuten; ez zuten ametitzen Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa Nafarroatik bereizterik, eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuten. 1981eko otsailaren 23an, Estatu kolpe saio bat izan zen. Buruzagi militarrak beste behin saiatu ziren aldaketa politikoa baldintzatzen edo mugatzen. Estatu kolpe haren ondorioz, monarkia indartu egin zen, eta, LOAPAren bitartez, Autonomia Erkidegoen autogobernua murriztu zuten (LOAPA: Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa). Estatu kolpe saio hartatik urtebetera, 1982ko otsailaren 20an eta 21ean, ETApm-ren VIII. biltzarra egin zuten, eta, han gertatu zen zatiketaren ondorioz, desagertu egin zen.
Hala, Konstituzioa 1982ko urrian onartu eta bigarren hauteskunde orokorrak egin zituztenean amaitu zen trantsizio aldi hura. Gatazka sozial eta politikozko urte horiek lekutan zeuden trantsizio baketsu batetik, eta ondorio lazgarriak izan zituen estatuaren, talde parapolizialen eta eskuin muturrekoen indarkeriak, eta, orobat, aurkarienak;53 ez bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, baita Espainiako Estatuan ere.
Azpeitian, 1976 eta 1982 artean, gutxienez 63 pertsonak jasan zuten giza eskubideen urraketa bat, motibazio politikoko indarkeriak eraginda. Sei guardia zibilek bizia galdu zuten ETAmek 1979an egindako bi atentaturen ondorioz, eta CAAko bi militantek Ignacio Lasa Rezola ostalariari tiro egin zioten. Ignacio berehala hil zen. Hildakoez gain, 37 azpeitiarrek torturak jasan zituztela salatu dute. Errepresaliatuetako 21 Guardia Zibilak torturatu zituen, eta beste 14 Polizia Nazionalak.
1982 urtearen amaieran, aldi demokratikoko lehen gobernu sozialista eratu zen, Felipe Gonzalez, Marquez presidente zela. 1983ko otsailean, ZEN plana jakinarazi zuten (ZEN: Iparraldeko Zona Berezia). Espainiako Barne Ministerioko Estatuaren Segurtasun Zuzendaritzak egin zuen agiri hori, Jose Barrionuevo Peña buru zuela. Haren helburua zen “terrorismoa borrokatzea arlo guztietan: politikoa, soziala, legala eta poliziala”; horren ondorioz, terrorismoaren kontrako aurrekontua asko handitu zen, eta agenteak ugaritu; bereziki, Guardia Zibilaren GAR taldea (Grupo de Accion Rapida); horrekin batera, salbuespenezko neurri bortitzak aplikatu zituzten, euskal gizarte osoari eragin ziotenak. Lege antiterroristarekin ezarri zuten martxan plan hori, 9/1984 Lege Organikoarekin, alegia, zeina 1984ko abenduaren 26an onartu baitzuten eta 11/80 Legea ordezkatzen baitzuen. Horko zenbait puntu Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen Auzitegi Konstituzionalak 1987ko abenduan, zergatik eta Espainiako Konstituzioak giza eskubideen defentsan ematen dituen ezagupen, babes eta bermeak urratzen zituelako.
Edonola ere, ZEN Plana martxan jartzearekin, GAL sortu zen (Askapenerako Talde Antiterroristak), eta 1987ra arte aritu zen ekinean. GALek Estatu terrorismoa esaten zaiona ordezkatzen zuen; eufemismoa erabiliz, gerra zikina. Kazetari ikerketak direla medio aurkitu zuten talde horren funtzionamenduan inplikazio politikoak zeudela. Handik urte batzuetara, epaituak izan ziren, GALen jarduera zela kausa, Barne ministerioa, Segurtasunerako Estatu idazkaria, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadore zibilak eta Euskal Autonomia Erkidegoan Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko buru egiten zuena, bi polizia erakundeetako beste kideekin batzuekin batera. 1980ko hamarkadan, inoiz baino tortura eta tratu txar salaketa gehiago izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan Poliziak atxikiriko jendearen eskutik; guztira, 1.321 kasu. 1981ean, Joxe Arregi Izagirre hil zen, Carabanchelgo kartzelako ospitalean, torturen eraginez. 1983an, Jose Antonio Lasa Arostegi eta Jose Ignazio Zabala Artano bahitu eta hil zituzten. 1985ean, Mikel Zabalza Garate atxilotu, eta Bidasoko ibaian agertu zen haren hilotza.
GAL, ETA eta “talde atxikiak” jardun ziren urteetan65, 200 lagun baino gehiago hil zituzten. 1987ko ekainaren 19an, ETAk bonba-auto bat ipini zuen Bartzelonan, Hipercorren saltoki batean, eta 21 lagun hil eta 45 zauritu ziren. 1988an, Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek, Herri Batasunak ez bestek, Ajuria Eneko hitzarmena sinatu zuten, ETAren eta HBren aurka egiteko. Handik urtebetera, 1989ko urtarrilaren 22an, ETAk tregoa bat egin zuen, eta, horren ondorioz, Aljerko negoziazioak etorri ziren. Hura izan da, ETAk eman duen lehen tregoa, erabatekoak edo partzialak kontuan hartuta 2011ko urriaren 20an “jarduera armatua behin betiko” utzi zuen arte.
1995ean, Oldartzen izeneko txostena onartu zuten HBren oinarriek, eta ETAk gogorrago erabili zuen bortizkeria gizartean, “sufrimenduaren sozializazio” esan izan zaion estrategiaren harira. Urtarrilaren 23an, ETAm-k lehen aldiz hil zuen kargu politiko bat, Gregorio Ordoñez Fenollar, hain zuzen, PPren buruzagia Gipuzkoan (dena den, 1980ko irailerako hila zuen UCDko buru Jose Ignacio Ustaran Ramirez). Azaroan, zigor kodea moldatu zuten, 10/199568 Lege Organikoaren bidez, eta 1996ko maiatzaren 4an, Espainiako Gobernuko presidente jarri zen Jose Maria Aznar Lopez. Geroago, 1997ko uztailaren 1ean, Jose Antonio Ortega Lara libratu zuten, 532 egun egon baitzen bahiturik; hura izan da ETAren bahiketarik luzeena. Handik hamabi egunera, beste behin, ETAk PPko kide bat hil zuen, Miguel Angel Blanco. Gainera, urte horietan kale borroka nabarmen ugaritu zen.
1998ko irailaren 12an, Lizarra-Garaziko hitzarmena sinatu zuten, “elkarrizketa eta negoziazio prozesu” bat bilatzeko 39 erakunde politiko, sindikal eta sozialen artean; batez ere, erakunde abertzaleak. Handik lau egunera, berriz, ETAk bere lehen su-eten “mugagabea” egin zuen. Horrez gain, 1998an, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon Real epaileak aginduta Egin egunkaria itxi eta arduradunak atxilotzearekin, ezker abertzaleko erakundeen eta komunikabide atxikien aurkako jazarpen poliziala eta judiziala hasi zen, “dena ETA da” doktrina ezaguna aplikatuta. Zenbait lege erreformarekin babestu zuten ETAren eta haren “ingurunearen” aurkako jarduera; funtsean, 2002ko Alderdien Legearekin. Horren ondorioz, legez kanpo gelditu ziren Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna, 2013an. Hala berean, horren ondorioz, poliziak atxilotutakoen tortura salaketak ugaritu egin ziren, eta alderdi politikoetako, euskaltegietako, komunikabideetako eta bestelako erakundeetako kideak —hala nola Joxemi Zumalabe fundaziokoak—, guztira 200 lagun baino gehiago, taldekako epaiketetan inputatu zituzten.
2003tik 2011ra, guztira, ezker abertzaleko hamabi hautagaitza inpugnatu zituzten, eta erakundeetan ordezkaritza politikorik izan gabe gelditu zen euskal gizartearen parte handi bat.72 Gertaera horren ondorioz, handitu egin zen beste alderdi batzuetako udal hautesleen gaineko presioa, eta mehatxu larriak jasan zituzten.
2004ko otsailaren 18an, ETAk adierazi zuen bere “ekintza armatu” guztiak eten zituela Katalunian, eta 2005ean, Espainiako hautesleen aurkako erasoak eten zituen. 2006ko martxoaren 22an, ETAk su eten iraunkorra deklaratu zuen, eta horri esker, Espainiako Gobernua eta erakunde armatua negoziatzera elkartu ziren. Barajasko aireportuko 4 Terminalean izandako atentatuaren ondorioz —2006ko abenduaren 30ean—, bi lagun hil ziren, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen gobernuak apurtutzat jo zituen negoziazioak. 2009ko uztailaren 30ean, ETAk Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak hil zituen, Calvian (Balear Uharteak), eta hura izan da erakundearen atentatuetan hildakoak izan diren azken aldia. Dena den, 2010eko martxoaren 16an, tiroketa bat izan zen Frantzian, Dammarie-les-Lysen, ETAren eta Jendarmeriako kideen artean, eta Jean-Serge Nerin frantses polizia hil zuten. 2010eko irailaren 5ean, ETAk esan zuen ez zela gehiago “eraso ekintza armaturik” izango; 2011ko urtarrilaren 10ean, su eten “iraunkorra” eman zuen, eta, azkenik, 2011ko urriaren 20an, behin betiko eten zuen jarduera armatua. Handik hilabete batera, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea osatu zen, nazioarteko bake eta segurtasun prozesuetan eskarmentua duten sei lagunekin; horien lana amaitu zen 2017ko apirilaren 7an ETAk armak eman zituenean. Gaur egun, biktimak aitortzea eta presoen egoera dira jendearen eta mugimendu politikoen gai nagusiak, gatazkaz denaz bezainbat.
Azpeitian, 1983 eta 2017 artean, gutxienez 127 pertsonak jasan zuten giza eskubideen urraketa bat, motibazio politikoko indarkeriak eraginda. 1983an CAAk Francisco Machío Martos 31 urteko Hornachosekoa (Badajoz) eta ezkongabea zenaren aurkako atentatua egin zuen. Urtebete beranduago, 1984ko martxoaren 22an zehazki, Polizia Nazionaleko “GEO” unitate bereziak CAAko bost militante zeramatzan zodiaka metrailatu zuen, horietako lau hil zirelarik. Bi azpeitiarrak ziren, Dionisio Aizpuru eta Pedro Mari Isart. 2008an, Inaxio Uria enpresaburuaren aurkako atentatua egin zuen. Bere heriotzak zirrara handia eragin zuen herrian. Gizarte azpeitiarrak atsekabe eta sendotasun handia erakutsi zuen familiarekin, baina, aldi berean, atentatuak kalte sozial larria eragin zuen.
Aipatutako hildakoez gain, bi bahiketa izan ziren aldi horretan (Jesus Guibert eta Angel Carasusan), eta giza eskubideen urraketen 127 biktimetatik % 26k (33 pertsona) salatu dute poliziek torturatu egin dituztela.
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana