Oharrak:Nuarben jaio eta bizi zen
1942an jaio zen Nuarben, tarte batean EGIko kide izan zen eta gerora, 1972an, ETA-Vko Langile Frentean sartu zen. 1973 hasieran pasa zen Frente Militarrera. Gregorio Posada Zurron hil eta bost egunera, Guardia Zibilaren 551. konpainiako teniente-koronelak txosten bat egin zuen. Bertan jaso zuen bazirela 1. mailako kaboaren heriotzaren atzean zeuden ustezko egileak (bi ETAkide) errekonozitu zituzten hainbat lekuko –besteak beste Azpeitiko postuko tenienteordearen emaztea “nahiz eta ez duen fidagarritasun handirik, ez duelako ondo ikusten”–. Baina Angel Otaegi ez zuen inork identifikatu. José Lasanta Martinez instrukzio epaileak behin-behinekoz artxibatu zuen kausa hura 1974ko ekainaren 1ean, “egin beharreko ikerketak egin ostean ezin izan baita zehaztu zeintzuk diren gertatutakoaren egileak”.
Handik lau hilabetera, ETAko militante José María Arruabarrena Esnaola eta José Antonio Garmendia Artola larriki zaurituak izan ziren Polizia Armatuaren tiroketa batean eta, Juan Mari Bandres abokatuaren arabera “armak ibilgailuan utzi eta berehala desarmaturik atera diren arren, tiroka hartu dituzte Donostiako Zuzenbide Fakultatearen parean, lekuko ugariren aurrean”. José Antonio Garmendia koman egon zen 15 egunez, gero elbarriturik, “psikikoki nahastuta eta itsututa, eta goiko zein beheko gorputz-adarrak mugitu ezinik”. Egoera hartan egonik ere, 4 hilabetez inkomunikaturik eduki zuten Carabancheleko espetxe-erietxean. Garmendiak bere hatz marka inprimatu zuen hainbat deklaraziotan (lehenbizi epaile militar baten aurrean eta gero ilegalki, erregimeneko poliziaren aurrean) eta deklarazio
haien ondorioz atxilotu zituzten Azpeitiko bikote bat eta Angel Otaegi bera. Kontuan izan behar da hori guztia gertatu zenean “ezin zuela eskurik ez hankarik mugitu, beraz, beste norbaitek eraman zion hatz bat tintara eta bere deklarazioa jasotzen zuen paperera”.
Angel Otaegi bere etxean atxilotu zuten 1974ko azaroaren 18an eta Donostiako Espetxe Probintzialera eraman zuten, han egon zelarik 1975eko apirilaren 25ean Burgosera lekualdatu zuten arte. Kaleetan sekulako presioa egin zen lanuzte eta manifestazioak antolatuz, eta nazioarteko mobilizazioa ere handia izan zen, diktadurak epaiketa atzeratu behar izan zuelarik abuztuaren 28ra arte. Azkenean Artilleriako 63. Erregimenduaren kuartelean egin zen, Castrillo del Val herrian, Burgosetik 12 kilometrora. Erregimenak esan zuen epaiketa “publikoa” izango zela, baina atzerriko kazetariek ezin izan zuten sartu gerra-kontseilua egingo zen aretoan, ezta nazioarteko behatzaileek ere (MARTIN Achad, Georges Impesp, Kurt Madlein eta Mme Zieglier). Bien bitartean, Europako hainbat hiritan milaka pertsona bildu ziren manifestazioetan, eta NBEk nahiz Europako Batzordeak indultua eskatu zioten erregimenari.
Bista hartan, Otaegik aitortu zuen ETAko kidea zela bost urte lehenagotik, baina bere misio bakarra propaganda banatzea zela; ez zuela sekula armarik erabili eta ez zekiela zein asmo zuten ostatu hartzera Azpeitiko familia baten etxerabidali zituen pertsonek. Bestalde, Garmendia eta Otaegiren defendatzaileek (Juan Mari Bandres eta Pedro Ruiz Balerdi abokatuek) akusatuak absolbitzeko eskatu zuten, ez zegoelako froga eztabaidaezinik eta lekukotzak ilegalki hartu zirelako. Era berean, Pedro Ruiz Balerdik adierazi zuen Otaegi inplikatzen zuten deklarazio guztiak –baita fiskalaren idazkia ere– 198. artikuluan kalifikatutako ustezko delitu bati buruzkoak zirela, hau da, “ekintzen konplize” izan zela eta ez egile, eta ez zituela berak egin Gregorio Posada guardia zibilaren aurkako tiroak. Carlos Granados Mezquita komandantea izan zen kasu hartako fiskala, zeinak heriotza zigorra eskatu baitzuen Otaegi Burgosera eraman eta bi egunera (apirilaren 27an), baina abokatu defendatzaileek errekusatu egin zuten, bere txostenetan atxilotuen ideologiari buruzko oharrak sartu zituelako eta, a priori, legeak ekintza zehatzak bakarrik zigortzen zituen.
Abuztuaren 29ko goizeko 11:00etan abokatuei dei egin zieten gerra-kontseiluaren aurrera. Nazioarteko komunikabideek ere eman zuten epai haren berri: José Antonio Garmendia eta Angel Otaegiri heriotza zigorra ezarri zieten, ondoriotzat heriotza izan zuen atentatu baten bidez terrorismo delitu bat egiletza graduan egin izanagatik. Gainera, Garmendiak beste 15 urteko espetxe zigorra jaso zuen armak izateagatik. Legearen arabera, gerra-ikuskariak Burgoseko 6. eskualde militarreko kapitainaren (Mateo Prada Canillas) esku utzi zuen emandako epaiari onarpena emateko ardura. Kasu hartan, ikuskariak onartzea proposatu zion eta kapitain nagusiak berretsi egin zuen. Hurrengo egunean, Azpeitiko udalak ezohiko batzarra egin zuen, Rafael Larrañaga Albizu, Lorenzo Soraluze Juaristi, Manuel Elías Odriozola eta Manuel María Altuna Bengoetxea zinegotziek aurkeztutako mozio bat onartzeko, Angel Otaegirentzat errukia eskatuz. Korporazioak aho-batez onartu zuen mozioa eta telegrama bat bidali zion Francisco Franco diktadoreari adostutakoa azalduz.
Kontseiluen Ministroak irailaren 26an berretsi zuen Angel Otaegiren aurkako zigorra. José Antonio Garmendiari, berriz, barkatu egin zioten heriotza zigorra eta biziarteko espetxealdia inposatu zioten. Egun hartan bertan,
Burgoseko 6. Eskualde Militarreko kapitain nagusiak (Mateo Prada Canillas) epaiaren berri jaso zuenean, Polizia Armatuaren 3. Konpainiako kapitainari (Tomas Alonso del Barrio) agindu zion izenda zitzala bere aginduetara zeukan tropako agenteak Angel Otaegi fusilatzeko. Infanteriako komandanteari eta Jesús Peña Sancho instrukzioko epaileari, berriz, exekuziorako diligentziak hasteko agindu zien. Egun hartan, goizaldean, Angel Otaegiren amak agur esan zion semeari. Hilaren 27an fusilatu zuten, goizeko 8:00etan.
Delitua | Data | Tokia | Prozesamendua | Igorlea | Kondena | Epaiaren data | Kondena kommutatua | Kommutazio data | Oharrak |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Terrorismoa. Pertsonen aurkako atentatua heriotza-emaitzarekin | 1974-04-03 | Azpeitia (Gipuzkoa) | Auzitaratze militarra | Gerra-kontseilua | Heriotza zigorra | 1975-08-29 | |||
Jatorri zentroa | Helmuga zentroa | Irteera data | Sarrera data |
---|---|---|---|
Polizia-bulegoak (Azpeitia) | Donostia Espetxe Probintziala (Martutene) | 1974-11-18 | 1975-04-25 |
Jatorri zentroa | Helmuga zentroa | Irteera data | Sarrera data |
---|---|---|---|
Donostia Espetxe Probintziala (Martutene) | Burgos | 1975-04-25 |
Oharrak:
Heriotza-zigorra ezarri zioten, Castrillo del Val-en (Burgos), 63. zenbakiko Artilleria Erregimentuan eginiko gerra-kontseiluan, 1975eko abuztuaren 29an. 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten.
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana