Oharrak:Gerrako umea / 12 urte 1937an
Familia-harremanak:Gurasoak: Timoteo eta Ramona / Anai-arrebak: Lucía (Luchi), Ignacio eta María Teresa (Tere) Gómez Sobrino
Amarekin, irakasle gisa, Ignacio anaiarekin eta Maria Teresa ahizparekin batera, Lolik 1937ko maiatzaren 22an, Habana itsasontzian, Ingalaterrara bidean Bilbotik irten ziren 3.800 euskal haurren espedizioan parte hartu zuen. Maiatzaren 23an Southamptonen lehorreratu ziren eta North Stonehameko kanpamentura eraman zituzten. Han, Loli, bere ama eta ahizpa, kanpin-denda handi batean hartu zituzten, beste emakume batzuekin batera.
Handik bi astera, gutxi gorabehera, 100 haur eraman zituzten bi txandatan, amaren babespean (Ramona), Wiltshireko Baydon Hole Farm-era. Haur horietako bat Marcelo Segurola azpeitiarra izango zen, eta harekin ezkonduko zen gero. 1937ko urrira arte egon ziren han; izan ere, negua iristean, leku egokia ez zela pentsatu zuten, eta Bray Courtera eraman zituzten berriro, Berkshirera. Ia bi urte eman zituzten han, eta 1939ko udan, Bray Courten kolonia desegin zenean, familia banandu egin zen.
Bere anaia Ignacio Ingalaterrako erdialdeko eskualdera joan zen lanera, bere ahizpa Tere Newburyra harrera-familia batekin, eskolara joan ahal izateko. Loli eta bere ama beste kolonia batera joan ziren Camberleyra, Surreyra. Baina Lolik 14 urte zituenez, lanean hasi behar izan zuen. Hainbat lan egin ondoren leku desberdinetan, azkenean 1942an amarekin Oxfordera joan zen familia baten etxeko zerbitzuan lan egitera. Loli umezain hasi bazen ere, ileapaintzaile gisa amaitu zuen Londres erdialdean.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Lolik amarekin eta ahizparekin Londresen bizitzen jarraitu zuen, eta bertan Marcelorekin eta bere familiarekin bildu zen berriro, 1951n ezkonduko zelarik. Bere bizitzako azken urteetan, Loli Wokinghamen bizi izan zen bere alabarekin batera. Eta 2007an Ingalaterran hil bazen ere, Azpeitiko hilerrian lurperatuta dago.
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana