Oharrak:ez dago erabilgarri
Roque zurgina zen eta Jose Iturzaeta enpresan lan egin zuen errepublika garaian. Abertzaleen aldekoa, gerra hasitakoan Donostiako errepidean armak hartuta zaintzaldiak egin zituen. Gero Bilbora ihes egin zuen, eta han Acha y Zubizarreta enpresarako lan egin zuen babeslekua eraikitzen.
Atxilotu eta espetxean sartu ostean, Donostiako 4. Epaitegi militar iraunkorrak Roqueren eta hainbat azpeitiarren aurkako instrukzio-prozesua abiatu zuen 1937 amaieran. Roqueri buruz, hainbat txostenek adierazi zuten Eusko Gudarosteko Intendentzia Militarrarekin kolaborazioa egin izana, baina idatzi judizialak adierazten du hipotesi hori ez zela egiaztatu. Era berean, armak hartuta zaintzaldiak egin arren, adierazten zuten ziurtasunik ez zutela “eskuindarrak jazartzeko ekintzetan eta gehiegikerietan parte hartu zuenik”.
Beraz, 1938ko apirilaren 18an, Gerra Ikuskaritzak Donostiako epaitegi militarraren gobernu-informazioa berretsi zuen eta Roque behin betiko aske uztea erabaki zuen.
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana